MU eta EUSKARA

Euskara bizi izateko

MUko Euskara Batzordea

Posted by edurne on Maiatza 28th, 2009

Idoia PeñacobaIdoia Peñacoba MUko errektoretzako idazkari nagusiari egin diogu elkarrizketa. Berak MUko Euskara Batzordean parte hartzun du eta batzorde honen nondik norakoak kontatu dizkigu.

1.- Kontatu zergatik eta zertarako sortu zen MUko Euskara Batzordea? Zeintzuk osatzen dute?

2005ean euskararen egoeraren diagnostiko homogeneo bat egin zen. Ordutik fakultate bakoitzak bere kontu hainbat lan egin ditu. Horrela, beste arlo batzuetan bezala euskararen arloan elkarren berri jakiteko beharra sortu zen, fakultate bakoitzean egiten zena ezagutu eta konpartitzekoa.

Batetik, MUko Euskara Batzorde teknikoa dago. Batzorde honetan fakultate bakoitzeko Euskara Planeko koordinatzaileak, EMUNeko teknikaria, eta ni elkartzen gara. Bestetik, aurten egituran beste gune garrantzitsu bat sortu dugu MUko Euskara Batzorde estrategikoa. Batzorde hau MUko Zuzendaritza Batzordeak eta MUko Euskara Batzordeak osatzen dute.

2- Zeintzuk dira aurtengo helburuak?

Euskararen arloan ere, gainontzeko arloetan egiten den bezala, fakultate bakoitzak bere Gestio Plana, aurrekontua, dinamika… egiten ditu. Batzorde hau batez ere informazioa partekatzeko, sinergiak aprobetxatzeko eta komunean lantzeko gaiak identifikatzeko sortu dugu.

Aurten dinamika berri bat jarri dugu martxan: fakultate bakoitzeko praktika onak identifikatu eta aztertu ditugu ea beste fakultateetan aplikagarriak diren ikusteko. HUHEZIn, adibidez, ikasleen protokolo bat landu dute, ikasleen euskara hobetzen laguntzeko, Eskolan berriz, SAREA ekimena jarri dute martxan langileak Euskara Planean inplikatzeko eta HUHEZIk eta Enpresa Zientzien Fakultateak Bikain ziurtagiria eskuratzeko prozesua abiatu dute. Guzti hori MUko batzorde honetan partekatu dugu.

Bestetik, adierazleen panela definitu dugu; bertan erabilera hizkuntzaren normalizazioko adierazleak jaso dira, arlo ezberdinei dagokionean: euskararen ezagutza, erabilera eguneroko zereginetan, euskararen presentzia arlo akademikoan, hala nola: kreditu kopurua euskaraz, ikasmateriala, euskaraz egindako karrera amaierako proiektuak, argitaratutako liburu eta tesiak, etab.

3.- Eta aurrera begira zer asmo dituzue?

Esan bezala, orain arte Batzorde honen helburu nagusiena informazioa partekatzea, konpartitzea izan da. Halere, eta nahiz eta aurrerantzean ere fakultate bakoitza izango den bere helburu zehatzak eta ekintzak bultzatuko dituena, guztiok batera garatu ditzakegun gauza komunak identifikatzea da gure asmoa. Fakultate bakoitzean euskararen egoera ezberdina izan arren, eta ondorioz, finkatutako helburuak ere ezberdinak izan daitezkeen arren, hainbat esparrutan badira komunak izan daitezkeen gauzak, eta horiek identifikatu eta elkarrekin lantzea da gure helburua. Adibidez, beste unibertsitate batzuk martxan dituzten esperientzia interesgarriak ezagutu eta elkarlanean aritzea, etab.

Posted in Ekin eta ekin | No Comments »

EGUTEGIAK

Posted by edurne on Apirila 21st, 2009

Jada ia Euskal Herri guztian ezaguna den egutegi baten inguruan hitz egingo dizuet oraingo honetan. Bilboko suhiltzaileen egutegia? Ez. Arantzazuko Amaren egutegi bedeinkatua? Ezta ere. Egunkari eta aldizkari guztiak Gabonetan oparitzera tematzen diren egutegietako bat? Hotz, hotz zabiltzate.

Nik hizpide jarri nahi dizuedan egutegia aurreko guzti horiek baino sentsualago, interesgarriago eta erabilgarriagoa da. Fakultateko EAZLko 4. mailako ikasleei ekimen polit bat bururatu zitzaien. Beharbada, gure buruetan behin baino gehiagotan ibili den burutazio bat izan da, baina sekula ez gara aurrera eramatera ausartu. Ikas bidaiarako dirua behar zutela aitzakia moduan jarririk, egutegi bero bat egitea bururatu ez zitzaien ba!! Oraindik holakorik!!

Enpresa Zientzien Fakultatean etorkizuneko enpresa gizon emakumeak formatzen ditugu. Titulu potolo honek, irudi bakar bat dakarkigu burura denoi, traje eta gorbatekin jantziriko langile serio eta arduratsuak. Ez dakit horregatik izan den, edo fakultatea ez delako handiegia, hemen bizi izan dudan giroa lasaia, serioa, gertukoa, isila … izan da orain artean. Eta begira non, guztia aldatu da. El Diario Vascoko berri batean irakurri nuen moduan, “Los futuros empresarios al desnudo”

Gaurko nire asmoa ez da ikasle ausart hauek kritikatzea bakarrik, nahiz eta horretarako astia ere hartuko dudan. Hasteko esan, miresgarria iruditzen zaidala beren helburua lortzeko horrelako ekintzak aurrera eramatea. Ikasle hauengandik, iniziatiba, lanerako grina, kreatibitatea, konpromisoa, lankidetza bezalako ezaugarriak nabarmen daitezke, enpresa batetako giza baliabideetako edozein arduradunek amestuko lituzkeen ezaugarriak, hain zuzen ere. Bidaia bat egiteagatik beraien lotsak alde batera utziz horrelako lan profesional eta txukun bat egiteko gai izan badira, zer egingo lukete enpresa batean motibaturik sentituz lan egiten badute?

Hala ere, aspaldiko esaera zahar batek dioen moduan, zenbat buru, hainbat aburu. Eteoko partaide guztiek ez dute begi onez jaso egutegi hau. Batzuentzat egutegi honek kanpora transmititzen duen irudia ez da egokiena, gaizki uler baitaitezke argazki hauek. Guk Eteoko Euskara Batzordeak ere badaukagu zer esanik zentzu honetan. Gutako batek bilera batean gaia atera zuenean, zur eta lur geratu ginen, guztion eskuetatik pasa baitzen egutegia, eta inor ez baikinen honetaz ohartu. Baina zertaz nabil hitz egiten? Azal dezadan guztia joko txiki baten bitartez. Itxi itzazue begiak une batez, eta saiatu egutegiko hilabeteak zein hizkuntzatan idatzita dauden gogoratzen. Bai? Asmatu al duzu? Edo momentu hauetan ez zaizu gogoratzen? Nik lagunduko dizuet. GAZTELANIAZ!!

Harrigarria. Ez dakit zergatik, ez nuen espero. Gutxienez euskaraz eta gaztelaniaz egongo zela uste nuen. Euskara batzordean, eztabaida txiki baten ondoren, despiste bat izango zela ondorioztatu genuen. Ez ziren ohartu ere egingo, eta guztiz logikoa da, izan ere argazkiak horren dira erakargarriak, egutegia ikustean beste xehetasun guztiak itzalpean gelditzen baitira. Ziur nago goian proposatu dizuedan jokoa egiten dutenetatik %90ak ez duela asmatzen hilabetearen hizkuntza zein den.

Amaitzeko, zorionak eman nahi nizkioke egutegiaren ideia izan zuen pertsonari, eta ideia hori aurrera eramaten lagundu duten guztiei, oso lan txukuna egin duzue, eta asko esan nahi du horrek. Norbait hilabetearen zergatia agertzeko prest balego, ni jakin minez beteta nagoela adierazi nahi dizuet. Euskara Batzordeak bere ondorioa atera zuen, baina zuen iritzia jakin nahiko nuke. Zuen esku.

Posted in Ekin eta ekin | 3 Comments »

KAPak euskaraz egitearen garrantzia

Posted by edurne on Otsaila 17th, 2009

ETEOko Euskara Batzordeak honako gogoeta egin du Karrera Amaierako Proiektuen (KAP) hizkuntzaren inguruan. Eta KAPa euskaraz egitearean garrantzia azpimarratu nahi izan

Mondragon Unibertsitatea zerbaitetan ezberdina eta indartsua bada, enpresarekin dituen harremanetan da. Dakizuen moduan Mondragon taldean gaur egun 230 enpresa eta erakundek osatzen dute, eta hauetako bat dugu Mondragon Unibertsitatea. Jatorritik izan du unibertsitate honek sentsibilizazio berezia enpresekin izan dituen harremanetan, izan ere, unibertsitatetik irtengo diren ikasleak lan mundurako prestatzea izan bai da sorreratik erakunde honen helburu nagusia.

Gauzak horrela izanik, garrantzia berezia eman izan zaio beti unibertsitateko ikasleek enpresetan egiten dituzten praktika, nahiz proiektuei. Ikasleek beraien ikasketak amaitzeko azken pauso bezala, ikasleak bakarka enpresa batek daukan arazo bati aurre egin behar izaten dio ordurarte azken urteetan ikasgeletan entzundako guztiak zentzurik baduela ikusiz eta guztia praktikara eramanez. Horri bakarrik aurre egiten jakiteak lan mundurako behar den independentzia eta lan esperientzia eskaintzen dizkio ikasleari.

Honetan daramatzagu azken urteak Mondragon Unibertsitateko fakultate ezberdinetan. Lan nekagarri eta sumingarri honek, hainbat buruko min eta ezin egon sortu dizkie urteetan zehar bertako ikasleei. Enpresa erreal batetan sartu, guztiak ezezagunak izatera igarotzen dira, lehen egunetan norekin hitz egin pentsatu behar izaten da. Enpresa horren arazoa zein den identifikatu, eta ikasiriko guztiarekin erantzun bat ematen saiatzen dira, beti ere bai enpresako tutorearen eta fakultateko tutorearen laguntzarekin. Hala ere, ikasle askorentzat esperientzia berri hau bizitzea izan ohi da arazo gutxien sortzen dizkien epea. 6 hilabete horietan bizitako esperientzia guztia, teorikoki justifikatuz arazoa eta bere ebazpena dokumentu batean jaso behar izaten da. Dokumentu hori ondoren tribunal baten aurrean aurkeztu eta defendatu ahal izateko. Hor datozkigu buruhauste, eta nekeak. Nola jaso dokumentu batean eguneroko lanean hartu behar izan diren erabaki eta bizipenak? Eta nola justifikatu hartutako erabakiak zuzenak izan direla? Eta nola defendatu guzti hau tribunal baten aurrean?

Fakultate honetan ditugun ikasleen profilak aztertu ondoren, momentuz bitxi (etorkizunean baliteke kezkagarri izatera igarotzea) iruditu zaigun errealitate batekin egin dugu topo. Fakultatean ikasketak batez ere euskaraz egin ohi dira, nahiz eta fakultate bakoitzean maila ezberdinetan gaztelania eta ingelesa ere sartzen diren; azkenean hemendik irteten diren ikasleak 3 hizkuntza hauek jakin eta erabili behar lituzkeela iruditzen zaigulako. Hala ere, karrera amaierako proiektu gehienak gaztelaniaz egin eta aurkeztu dira. Esaterako 07-08 ikasturtean aurkeztutako  proiektu guztietatik 5 proiektuk zuten memoria euskaraz. Proiektuen defentsetan jende gehiago ausartu da aurkezpenak euskaraz egiten (honen gaineko datu zehatzik ez dagukagu), hitzegiterakoan izan dezaketen erraztasunagatik adibidez. Nola liteke?

Ekintza edo errealitate hau arrazoitzeko bi pentsamendu datozkigu burura.

1) Teoria euskaraz aurkitzen dute, eta zaila izan ohi da guztia euskaratzea.

2) Enpresen eskakizuna izan daiteke.

Teoria gaztelaniaz aurkitzearen aukera aitzakia handi bat dela iruditzen zaigu. Izan ere, alde batetik aipatu dudan moduan ikasketak euskaraz gauzatzen dira. Bestetik, proiektuaren idatzizko dokumentuaren zati handi eta garrantzitsuena, ikaslearen bizipena eta honek arazoari eman dioen erantzuna litzateke. Zati hau oso pertsonala da, bakoitzaren bizipenak oso ezberdinak direlako. Ezin da inon irakurri edo inondik kopiatu.

Enpresen eskakizun moduan gaztelanian idatzi beharra ez da aitzakia, izan ere, oraindik enpresa askok beren hizkuntza nagusi moduan gaztelania erabiltzen dute. Hala ere, Euskal Herrian 2007. urtean 221 enpresa zeuden euskara planean sartuta. Enpresa hauek beraien dokumentuak gutxienez elebitara eta ahal izanez gero euskaraz egotean esfortzu handia egin ohi dute. Hala ere, lan hori enpresara sarturiko gazteen eskuetan utzi ohi dute, berauen kalitatea idazterako orduan hobea izan ohi delako, euskaraz idazteak esfortzu gutxiago suposatzen dietelako…

Beraz, lehengo galderara gatoz berriro ere. Nola liteke? Gaztelaniaz idaztea errazago egiten ote zaigu oraindik? Edo euskarari behar duen garrantzia emateaz ahazten gara? Oraindik bada pertsonarik, euskara, etxean eta jaioterriaren arabera lagunartean erabiltzeko dela pentsatzen duenik. Enpresa mundura sartzea izugarri kostatzen zaigu, oraindik barne mezu gehientsuenak gaztelaniaz bakarrik irakur ditzakegu, nahiz eta emaile nahiz hartzaileek euskara ongi menperatu. Inolaz ere, euskara plana barneratuta dutenek ere, bi hizkuntzak erabiliko dituzte komunikatzeko. Eta gure ama hizkuntza non gelditzen da? Benetan lagunekin kafea hartzeko edo baserrian behiekin hitz egiteko bakarrik balio ote du?

Gai honen inguruan nire (gure) ikuspegia oso ezberdina da. Nire (gure) ustez, euskarak gaur egun indar handia dauka. Ia gazte guztiek ikasten dute euskara ikastoletan, eta gehienek EGA ateratzen dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu orduko. Titulu horrek ez du ezer bermatzen, baina, ezin da uka berau lortzeko euskara, idatziz nahiz ahoz menperatu behar dela. Gaitasun hori aprobetxatu egin beharko genuke gure bizitza profesionalean, eta ez utzi horrenbeste urtetan eginiko esfortzua kafetxo bat hartzerakoan bakarrik erabiltzeko.

Karrera amaierako proiektuak euskaraz egiteak balio erantsi bat eman diezaioke enpresa horri, edukia berbera izateaz gain, euskara sustatzeko balio dezakeelako, eta enpresetako giroa euskalduntzen lagun dezakeelako. Eta euskara hutsean egitea gehiegi izan daitekeela pentsatzen badugu, zergatik ez elebitasuna erabili?

Dagoeneko pentsatu al duzu zein hizkuntzatan egin behar duzun zure karrera amaierako proiektua?

Hona hemen beraz gure proposamena: gazteok izan ausart eta saiatu zuen karrera amaierako proiektuak (ahal den kasuetan behinik behin) euskaraz egiten!!!

Posted in Uncategorized | No Comments »

Mikronarrazioen lehiaketa

Posted by edurne on Azaroa 13th, 2008

Mundu osoko idazlei zuzendutako lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek kontakizun bat idatzi beharko dute euskal gaiez euskaraz, gaztelaniaz, fantsesez edo ingelesez. Gehiengoz 300 hitz izan daitezke. Lanik hoberena 500 euroko saria jasoko du.

Infornazio gehiago hemen

Posted in Erositako prezioan | 2 Comments »

Azpidazki, baliabide berri bat

Posted by edurne on Azaroa 12th, 2008

EHUk interneten duen web orri bat berritu du, AZPIDAZKI. Bertan, hizkuntza-baliabide mordoa dituzue (arauak, gramatika, esaldiak, idazki ereduak…), denak leku batean bilduta. Bestalde, kontsultak egiteko zerbitzua ere badu, ARGITOKIA, eta egun batetik bestera jasotzen da erantzuna. Eta astero-astero euskararen gaineko albiste fresko eta irakurtarreza argitaratzen dute.

Posted in Ekin eta ekin | No Comments »

Irudi eta sinonimoen bilaketa orain Elebilan

Posted by edurne on Urria 31st, 2008

Elebila euskarazko bilatzaileak bere lehen urtemuga bete du eta, ospakizun antzera edo, bi berrikuntza gehitu dizkio bere eskaintzari.

Elebila berrituak euskarazko irudi bilatzailea eta sinonimia bidezko bilaketak egiteko aukera ematen du orain. Irudi bilatzailearen bitartez, erabiltzaileak aukera izango du euskaraz, zein beste edozein hizkuntzatan idatzitako testuei dagokien irudiak bilatzeko. Bestalde, Elebilak sinonimia bidezko bilaketak egiteko aukera ere eskaintzen du. Hau da, erabiltzaileak euskarazko hitz bat idazten duenean, Elebila bilatzaileak hitz horren sinonimoak ere erakusten ditu: adibidez, triku idatziz gero, kirikiño edo sagarroi hitzak ere proposatuko ditu.

Informazio gehiago…

Posted in Ekin eta ekin | No Comments »

Nabigatzailea euskaraz izatearen garrantzia

Posted by edurne on Urria 17th, 2008

Zenbait webgune eta Interneteko zerbitzuk aukera dute hizkuntzaren arabera eskaintzeko edukia erabiltzaileari. Nabigatzailea  gaztelaniaz baduzu konfiguratuta, gaztelaniaz azalduko zaizu webgune hori. Euskaraz baduzu, euskaraz. Nabigatzailea euskaraz izateak interneteko hizkuntza-paisaia euskalduntzeko ere balio du.

Zuk ba al dakizu zein hizkuntzatan duzun zuk?  Atxukale.com bisitatu, eta lehen orrian esango dizu zein hizkuntza konfigurazio duzun.

Honen inguruko informazio eta datu gehiago Lan ta lanek Luistxo Fernandezi egindako elkarrizketan daukazue.

Posted in Erositako prezioan | No Comments »

Euskarazko unibertsitate-liburuen IV. erakusketa

Posted by edurne on Urria 7th, 2008

Urtero bezala, Unibertsitate publiko eta pribatuetako irakasleak biltzen dituen Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkarteak (EIREk) Euskarazko Unibertsitate-Liburuen IV. Erakusketa antolatuko du. Argitaratutako “Euskarazko Unibertsitate-Liburuen Bilduma” erakustea du helburu nagusia.

2008ko urriaren 14tik 16ra Koldo Mitxelena Bibliotekan izango da, Elurreta Eraikinean Arabako Campusean.

Egitaraua interesgarria da: hitzaldiak, tailerrak eta mahainguru bat, euskarazko liburu eta testuen sorkuntza eta ekoizpenaren gainekoak.

Posted in Erositako prezioan | 2 Comments »

Glosategia komunikazioaren gainean

Posted by edurne on Urria 3rd, 2008

Huheziko irakasle talde batek wiki bat sortu du, Glosategia Komunikazioaren gainean, eta hor jasotzen hasi da jakintza gai horretan gehien erabiltzen diren hitzak. Glosategiko edukiak irekiak dira.

Informazioa eta Komunikazioa departamenduko kideek sortu dute Glosategia Komunikazioaren gainean, PBwiki plataforman. Wiki horretan dauden hitzak honako atal hauetan daude banatuta:

  • Diseinua
  • Ikus-entzunezkoak
  • Informatika
  • Internet
  • Kazetaritza
  • Komunikazioa
  • Komunikazio korporatiboa
  • Tipografia

Glosategi bat izan arren, oso erraza da bertan nabigatzea, wiki hau hiztegi baten moduan antolatuta baitago, alfabetoaren hurrenkeran, eta erabiltzaileak orri guztietan izango baitu aukera nahi duen letran klik egiteko.

Glosategi honekin, Huhezik baliabide bat gehiago sortu nahi du, Komunikazioan interesa duten irakasle eta ikasle guztientzat.

Posted in Erositako prezioan | No Comments »

Euskaraz lan egiteko 5 tresna

Posted by edurne on Iraila 30th, 2008

Euskaraz lan egiten baduzu informatikako 5 baliabide hauek nahitaez ezagutu behar dituzu.

  1. Zuzentzaile ortografikoa (Xuxen ).
  2. Euskarazko Firefox web nabigatzailea.
  3. Euskalbar hiztegien Firefox-erako tresnabarra, euskera-gaztelera-ingelesa itzulpenak egiten lagunduko diguna.
  4. Elebila euskarazko web edukien bilatzailea.
  5. Euskarazko Wikipedia , euskarazko entziklopedia askea.

Zuk beste tresnaren bat ezinbestekotzat jotzen baduzu edo proposatutako horiekin ados ez bazaude, bota zure iritzia.

Posted in Galdezka | No Comments »