MU eta EUSKARA

Euskara bizi izateko

Hitzak bizirik

Posted by edurne on Maiatza 22nd, 2008

MUko hiru fakultateetan ekimen berezi bat jarriko dugu martxan. Erraza da parte hartzea. Euskarazko hitz edo berba bat aukeratu besterik ez duzu egin behar; gustuko duzulako, estetikoki dotorea iruditzen zaizulako, jatorriz bitxia delako, oroitzapen onak ekartzen dizkizulako… Zeuk aukeratu arrazoia.

Idatzi bada hor gordeta duzun hitz hori eta konpartitu gurekin.

Tril egin, marigorringo, dra, tripi-trapu… Eta beste hau zer iruditzen?

21 Responses to “Hitzak bizirik”

  1. David Sanchez Bote Says:

    kaixo gente, jarri duzuen diseinu honekin ez da oso garbi ikusten nola idatzi komentarioak.
    Nere hitza “goxoa” litzateke. Eskerrikasko.

  2. edurne Says:

    Aupa, David

    Zergatik GOXOA? Azalduko zure aukera labur-labur? Mila esker

  3. David Sanchez Bote Says:

    Ba, ez daukat arrazoi objetibo, historiko edo estetiko bat nere aukerarako. Beti iruditu zait “goxoa” hitza oso soinu polita edo egokia daukala. Hau da, oso ondo bat egiten dute hitzaren soinua eta hitzak adierazi nahi duen zentzua. Nahiz eta erderaz hitzegin beti erabiltzen dut euskarako hitz hau goxotasuna adierazi nahi dudanean.
    Bueno Edurne eta zurea zein da?

  4. lbeloki Says:

    Barkatu, hitzik gabe joan da aurreko komentarioa… Nirea, “elurra” da, esatearekin bakarrik poztu egiten nau, elurra egiten ikusteak badauka majia ikutu bat niretzat

  5. Xabier Arrasate Says:

    “Urteguna” hitza ekarriko dut hona. Ez da bereziki polita, ezta itsusia ere, arrunta da. Herri askotan eta aspalditik erabiltzen da “día de cumpleaños” adierazteko, baina aldi berean zeharo ezezaguna da. Izan ere, zenbat hiztegitan ikusiko duzu “urtebetetze eguna”, zenbat tokitan entzungo “gaur nire urteak dira” bezalakoak…
    Hitz jator askoa. Geureganatu dezagun, hortaz.

  6. Itziar Says:

    Nirea intzirka da. Ez da hitz ezaguna, edo behintzat beti pentsatu izan dut nire herrian soilik erabiltzen dela. Ezagunagoak edo zabalduagoak dira beste hauek: OSTADAR, ORTZADAR edo ERROMAKO ZUBIA… Hitz honek beti gogora ekartzen dit nongoa naizen, eta horrexegatik aukeratu dut.

    Orain, nahi baduzu, David, hasi asmatzen nongoa naizen! ;-)

  7. Idoia Says:

    Gehiegi pentsatu gabe, “pittin” datorkit burura…zergatik? orain urte batzuk dela arte ez nuen hitz hau ezagutzen…egia esan, ez dakit zein den bere esanahia…baina Daviden kasuan bezala, hitz goxoa iruditzen zait…nik oroimen edota momentu goxoekin erlazionatzen dut behintzat….nire haur txikienari sarri pittintto deitzen diot (2 urte ditu) eta berak bere untxi txikia “bataiatzerakoan” pittin izena jarri zion…beraz orain “pittinez” beteta daukagu familia….

  8. Rafa Altuna Says:

    Euskaraz dudan hitz gustokoena “antziarra” da. Neguko egun horietan, benetako hotza egiten duenean, nire aitari “Ikusi dok antziarra Aloñan?” entzuteak benetan pozten nau.

  9. Susana Says:

    Nire hitza “maitia” da.Maitasun sentimentu garbia azaltzen duela iruditzen zait eta maite duzun edozein pertsonari esateko modukoa gainera, bikote, zenar, guraso, seme-alaba, lagun eta abarri.

  10. David Sanchez Bote Says:

    Itziar, dokumentu honetan  http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/riev/2…) azaltzen denez “intzirka” hitza…..Itziar herrian erabiltzen da. Egia al da?

  11. Itziar Says:

    Halaxe da, bai, David. Bete-betean asmatu duzu. Itziarren intzirka esaten zaio ostadarrari.
    Ayo

  12. edurne Says:

    Kaixo!
    Kostata baina azkenean aukeratu dut nire hitza: KARRAMARROA. Esaterakoan duen soinua gustatzen zait, gogorra da.
    Egun ona izan

  13. Mikel Says:

    Galdera zaila egin duzuna, Edurne.

    Nere aukera, “atxintxiketan”. Zergaitk?. Hitz berezia delako, neretzako guztiz ezezaguna zan Oñatira etorri aurretik. Eta Oñatin hainbebste urte pasata, bertan igarotako momentu onak burura ekartzen dizkit. Eta ze demontre, Oñatiar bat zirikatzeko, hitz aproposa, “ixutu” eta “itxungi”-rekin bat, :-).

  14. Karmele Says:

    Asko gustatzen zait niri ere “atxintxiketan” hitz hori. Arrasatearra izan arren, 20 urterekin “deskubritu” nuen hitza, Bedoñako baserritar bati grabazio bat egitera joan nitzaionean. Hura “pinudian gora eta behera atxintxiketan” joaten omen zen. Harrezkero sarri entzun dut eta beti gogoratzen dut lehen aldiz entzun nueneko hura. Niri ere, Mikeli bezala, berezia iruditzen zait.

  15. EDU Says:

    Nere aukera KABIDU aditza da. Ostiral atsaldetan, lana bukatu eta gero, lagunekin elkartzen naz zurito batzuk edateko eta gure gauzetaz hitzeiteko. Gure ahotik “kabidu” desagertzen den heinean asteburua hasten da……

  16. Iñaki Says:

    Hor doa nirea:
    “Paparroiak”. Lekeition honela deitzen zaio gizonezkoaren bainujantziari. Herrian ere gero eta gutxiago erabiltzen da, baina polita bezain berezia da. “Trajedebañua” baino euskaldunagoa behintzat bada!!

  17. nekane Says:

    Nik aukeratutako hitza “antoxiña” da. Hitz hau aukeratu dut nire amona hil zenetik entzun ez dudalako, eta ume garaiak gogora ekartzen dizkidalako. Nire amonak antoxiña deitzen zion metalezko ontzi txiki bati, gosaltzeko erabiltzen ditugun tazen modukoa, baina metalezkoa izatea. Duela gutxi antoxin bat ikusi nuen bide bazterreko iturri batean, eta egia esan ilusio handia egin zidan. Horra hor ba nire hitza.

  18. Mireia Says:

    “Ontzologorri” da nik umetatik oso gogoko dudan hitza. Egia esan, hitza baino gehiago nire haurtzaroarekin lotuta dagoen pertsonai baten izena da. Gure amamak Ontzologorriren istorioak kontatzen zizkigun oheratu aurretik. Aretxabaletako Larrino auzoan bizi omen zen, galarrixa izeneko inguruan, gaztainondo baten oinean orbelez egindako bizilekuan. Ikazkina omen zen.

  19. Rosa Says:

    Nire aukeratutako hitza “mozoloa” da, nahiz eta “z”az idatzita izan Eibar aldetik MOSOLO esaten da. Bere soinua oso aproposa da bere esanahiarako “tonto, lelo”. Nere tiak askotan erabiltzen zuen lehengusu-lehengusinak- koadrilatxo bat- elkarrekin jolasten genuenan. Horrela esaten zuen, “¡serás mosolo, anda y espabílate!”, honek bai jenioa!

  20. garoa Says:

    Gaur lehenengo aldiz sartu naiz web orri honetan eta hitz berezi bat esatearen ideia asko gustatu zait!!

    Hortxe doa ba neria: ITZURI. Asko gustatzen zait eta era berean lotsatu, txikitan erabiltzen nuenean klasekide batzuk farre egiten bait ninduten, euskera batuko “ihesi”-ren ordez erabiltzen bait nuen. Herri bateko arrantzale hizkeraren ikutua…

  21. Itziar Says:

    Itzuri… sinonimo polita, bai horixe! Elhuyar hiztegiak jasotzen du. Baina zein herritan erabiltzen da itzuri? Kostaldean diozu?……..

Leave a Reply

XHTML: You can use these tags: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>