MU eta EUSKARA

Euskara bizi izateko

Archive for Apirila, 2009

EGUTEGIAK

Posted by edurne on 21st Apirila 2009

Jada ia Euskal Herri guztian ezaguna den egutegi baten inguruan hitz egingo dizuet oraingo honetan. Bilboko suhiltzaileen egutegia? Ez. Arantzazuko Amaren egutegi bedeinkatua? Ezta ere. Egunkari eta aldizkari guztiak Gabonetan oparitzera tematzen diren egutegietako bat? Hotz, hotz zabiltzate.

Nik hizpide jarri nahi dizuedan egutegia aurreko guzti horiek baino sentsualago, interesgarriago eta erabilgarriagoa da. Fakultateko EAZLko 4. mailako ikasleei ekimen polit bat bururatu zitzaien. Beharbada, gure buruetan behin baino gehiagotan ibili den burutazio bat izan da, baina sekula ez gara aurrera eramatera ausartu. Ikas bidaiarako dirua behar zutela aitzakia moduan jarririk, egutegi bero bat egitea bururatu ez zitzaien ba!! Oraindik holakorik!!

Enpresa Zientzien Fakultatean etorkizuneko enpresa gizon emakumeak formatzen ditugu. Titulu potolo honek, irudi bakar bat dakarkigu burura denoi, traje eta gorbatekin jantziriko langile serio eta arduratsuak. Ez dakit horregatik izan den, edo fakultatea ez delako handiegia, hemen bizi izan dudan giroa lasaia, serioa, gertukoa, isila … izan da orain artean. Eta begira non, guztia aldatu da. El Diario Vascoko berri batean irakurri nuen moduan, “Los futuros empresarios al desnudo”

Gaurko nire asmoa ez da ikasle ausart hauek kritikatzea bakarrik, nahiz eta horretarako astia ere hartuko dudan. Hasteko esan, miresgarria iruditzen zaidala beren helburua lortzeko horrelako ekintzak aurrera eramatea. Ikasle hauengandik, iniziatiba, lanerako grina, kreatibitatea, konpromisoa, lankidetza bezalako ezaugarriak nabarmen daitezke, enpresa batetako giza baliabideetako edozein arduradunek amestuko lituzkeen ezaugarriak, hain zuzen ere. Bidaia bat egiteagatik beraien lotsak alde batera utziz horrelako lan profesional eta txukun bat egiteko gai izan badira, zer egingo lukete enpresa batean motibaturik sentituz lan egiten badute?

Hala ere, aspaldiko esaera zahar batek dioen moduan, zenbat buru, hainbat aburu. Eteoko partaide guztiek ez dute begi onez jaso egutegi hau. Batzuentzat egutegi honek kanpora transmititzen duen irudia ez da egokiena, gaizki uler baitaitezke argazki hauek. Guk Eteoko Euskara Batzordeak ere badaukagu zer esanik zentzu honetan. Gutako batek bilera batean gaia atera zuenean, zur eta lur geratu ginen, guztion eskuetatik pasa baitzen egutegia, eta inor ez baikinen honetaz ohartu. Baina zertaz nabil hitz egiten? Azal dezadan guztia joko txiki baten bitartez. Itxi itzazue begiak une batez, eta saiatu egutegiko hilabeteak zein hizkuntzatan idatzita dauden gogoratzen. Bai? Asmatu al duzu? Edo momentu hauetan ez zaizu gogoratzen? Nik lagunduko dizuet. GAZTELANIAZ!!

Harrigarria. Ez dakit zergatik, ez nuen espero. Gutxienez euskaraz eta gaztelaniaz egongo zela uste nuen. Euskara batzordean, eztabaida txiki baten ondoren, despiste bat izango zela ondorioztatu genuen. Ez ziren ohartu ere egingo, eta guztiz logikoa da, izan ere argazkiak horren dira erakargarriak, egutegia ikustean beste xehetasun guztiak itzalpean gelditzen baitira. Ziur nago goian proposatu dizuedan jokoa egiten dutenetatik %90ak ez duela asmatzen hilabetearen hizkuntza zein den.

Amaitzeko, zorionak eman nahi nizkioke egutegiaren ideia izan zuen pertsonari, eta ideia hori aurrera eramaten lagundu duten guztiei, oso lan txukuna egin duzue, eta asko esan nahi du horrek. Norbait hilabetearen zergatia agertzeko prest balego, ni jakin minez beteta nagoela adierazi nahi dizuet. Euskara Batzordeak bere ondorioa atera zuen, baina zuen iritzia jakin nahiko nuke. Zuen esku.

Posted in Ekin eta ekin | 3 Comments »