MU eta EUSKARA

Euskara bizi izateko

Archive for the 'Aurrez-aurre' Category

Zein leku du euskarak ikerketan?

Posted by edurne on 28th Uztaila 2008

Carlos Garcia Eskolako Ikerketa lerroaren koordinatzailea da eta duela urtebete hasi zen arlo honetan lanean. Beregana jo dugu bere lana hurbilagotik ezagutzeko, eskuartean dituen erronken berri jakin eta bide batez, euskarak ikerketan duen tokia zein den ezagutzeko.

1. Nola hartu duzu lanpostu berria? Nolakoa izan da lehenengo urtea hau?

Ondo! Lehenengo urte hau ikasteko izan da. Zegoena ezagutu, kanpoan dagoena ikusi, finantzatzeko moduak aurkitu. Asko ikasi dut.

2. Zeintzuk dira momentu honetan eskuartean dituzuen ikerketa proiektu nagusiak?

Eskolan pila bat ikerketa proiektu daude. Momentu honetan Industria Ministerioaren 8 CENIT proiketutan gaude, eta hauek urteko proiketurik onenak direla esaten da. Bestetik, Zientzia ministerioaren izaera Berezi eta Estrategikoko hiru proiektuetan parte hartzen dugu eta horietako bitan liderrak gara. Azkeneko proiektu hauetan hogei bat enpresa eta zentro teknologikok parte hartzen dute.

Bestetik, aurten Conreso Nacional de Materiales antolatu dugu eta uztailean, Garaian, mikrofabrikazioari buruzko jardunaldi bat izan dugu; azken jardunaldi hauetan gutxi gorabehera 150 lagunek parte hartu dute.

Gaur egun Eskolan dauden 166 irakasleen dedikazioaren %50 ikerketara dago bideratuta, Eskolako jendeak oso lan onak egiten ditu. Aurten 435 enpresa, erakunde eta zentro teknologikorekin egin dugu lan. Enpresa horietako batzuk hauek dira: Repsol, PSA, Orona, Fagor, Ideko, Ikerlan, ITP, Aciona, Cie Automotive, CAF, Irizar, Danobat… Hala ere, oraindik asko daukagu egiteko.

3. Zeintzuk dira erronka horiek? Zer ari zarete lantzen plan estrategikoan gai honetan?

6 proiektu Europarretan gaude sartuta aurten, nazioarteko proiektu kopurua areagotu behar dugu eta hori da erronka garrantzitsuenetako bat. Bestetik, gure erronka irabaziak bikoiztea da, beraz pentsa zenbat lan dagoen egiteko, baina, taldeak osatuta daude eta konpromiso handia dago jendearen aldetik. Egia esan, erronka oso handiak jarri ditugu.

4. Eta euskara? Estrategikoa al da ikerketan?

Ba, ez. Ikerketan, ingelesa nagusitzen ari da. Gainera gure erronken artean naizoarteko proiektu gehiago lortzea dago.

5. Orduan nola ikusten duzu euskara arlo honetan? Zein leku izan beharko luke zure ustez?

Adibidez, Elhuyarrek oso lan ona egiten du, Elhuyar aldizkarian, baina, guretzako zaila da. Nik uste dut gure ikasleek geroz eta Karrera Amaierako Proiektu gehiago egingo dituztela euskaraz eta berdin gertatuko dela idazten diren tesiekin. Gure ikasleek euskaraz egiten dituzte ikasketak, nik uste dut prestatu daudela horretarako. Eta ados nago Patxik aurrekoan egin zenioten elkarrizketa esaten zuenarekin. Berak orain militantziagatik egiten duela tesia euskaraz eta arlo profesionaletik begiratuko balu, ingelesez egingo lukeela. Nik uste dut hurrengo urteetako joera hori izango dela. Gaztelaniaz tesi gutxiago egingo dira eta ingelesez eta euskaraz egindako tesi kopurua igo egingo dela.

Posted in Aurrez-aurre | No Comments »

Eunate Eliori elkarrizketa

Posted by edurne on 2nd Uztaila 2008

Eunate Elio ETEOko Estrategia eta ekintzailetasuna departamentuko irakaslea da eta kooperatibetan emakumeek izan duten parte hartzea eta egungo egoera aztertzen ai da bere tesirako.

1. Zeri buruz da zure tesia? Zein da izenburua?

Nire tesiak bi helburu ditu: bata, kooperatibetan emakumeek izan duten parte hartzearen analisi historiko bat egitea eta gaur egungo egoeraren diagnostiko bat egitea. Bestetik, Kontseilu Errektorean kristalezko sabaia kontzeptua aztertu dut, hau da, emakumeek erabakitze guneetara iristeko dituzten oztopoen azterketa. Orain arte zuzendaritza postuak aztertu izan dira, nik kooperatibetako organo esanguratsuenetakoa landu nahi izan dut: kontseilu errektorea.

Eta izenburua…. oraindik ez dut erabaki izenburu asko probatu ditut, baina, oraindik ez dut egoki bat topatu.

2. Berdintasunaren gaia lantzen ari zara, zein da egoera gure inguruko kooperatibetan ?

Momentuz, kooperatibetako diagnostikoa bakarrik egin dut, ez ditut datuak konparatu kooperatiba ez diren enpresekin. Ezin dut esan, beraz, kooperatibetan egoera hobea edo okerragoa den. Emakumeak Mondragon taldeko bazkideen %42 dira, baina beraien lana kontzentratua dago banaketa dibisioan, Eroskin bereziki: kooperatibetan lan egiten duten emakumeen erdiak Eroski eta Auzolagunen lan egiten du. Bestetik, zuzendaritza postuen eta kontseilu errektoreetako karguen %20 inguru betetzen dute emakumeek.

3. Zein arlotan daude desberdintasunak?

Desberdintasunik ez daude, soldatan, lan-baldintzetan, lan-jardunean… ez behintzat. Kontua beste hau da: kooperatibetan emakume gehien dauden sektore eta lanpostuak gaizkien ordaindutakoak direla, orokorrean. Talde moduan aztertzen badugu hori da desberdintasuna (emakumeek talde bezala, gizonek baino gutxiago irabazten dute, adibidez), baina, banaka aztertuta ez dago desberdintasunik. Bukatzeko, emakumeek botere guneetara gutxiago iristeko zailtasun gehiago dituzte.

4. Neurriak hartu al dira?

Euskadiko Kutxak orain dela hamar urte jarri zuen martxan berdintasun plana. Eroskik ere badu berea. Berdintasun lege berriarekin 250 langile baino gehiago dituzten kooperatibek berdintasun plana jarri beharko dute abian, Eika, Orona edo Maier kasu.

5. Eta hizkuntzaren gaia zaintzen da?

Bai.Eroskik arau kongresualen berrikuspena egitea eskatu zuen, hauek hizkuntza sexista erabiltzen baitzuten. Eta era berean, MCCn berdintasun gida bat prestatzen ari gara kooperatibei laguntzeko eta honek ere hizkuntzaren tratamendua zein izan behar den jasoko du, bai euskaraz eta baita gaztelaniaz ere.

6. Euskara hizkuntza sexista dela esan dezakegu?

Nik ez dut uste euskara hizkuntza sexista denik, euskarak ez du genero gramatikalik. Hizkuntza bat sexista guk egiten dugu, hau da, hizkera da sexista. Adibidez, aurrekoan Idiazabalen artzain eguneko sari banaketan mikrofonotik horrela esan zuten: igo daitezela taula gainera Luciano artzaina eta bere emaztea, bere emazteak ez al du izenik? Horrelakoak asko gertatzen dira, telebista, irrati, egunkari… Beste adibide bat: aurrekoan egunkarian irakurri nuena: bi andaluziar eta bere emazteak… eta guk ere horrelakoak egiten ditugu.

7. Aholku batzuk erabilera egokirako?

Batetik, lehen aipatutakoak saihestea, hau da informazioa emateko modua zaintzea eta bestetik, kontuan hartzekoak dira Amelia Barqinek Euskararen erabilera ez sexista gidan egiten dituen hainbat proposamen: “giz” erroa modu generikoan erabiltzea, generoa daukaten izenen erabilera egokia egitea, ahal dela neutroak erabiltzea…

Posted in Aurrez-aurre | No Comments »